Cerrar

Lehiaketan izena emateko epea zabalik

12/04/24

Sail Ofizialeko Lehiaketan izena emateko epea uztailaren 30era arte egongo da zabalik

Euskara eta zinema batzen dituen Lekeitioko jaialdiak bere 47. edizioa ospatuko du aurten. Euskara hutsez egiten den jaialdirik zaharrena da Euskal Zine Bilera eta oso harro gaude urte hauetan guztietan gure hizkuntza sustatu eta hedatzeko egindako lanarekin.

Zine berria egin eta istorio berriak kontatu nahi dizkiguten sortzaileetara heltzea du helburu gure jaialdiak. Urte bat gehiago, euskal ikus-entzunezkoen sorrera bultzatzeko lan egingo du Sail Ofizialeko Lehiaketak, hainbat sari ezberdinduz. Ohikoak diren Zuzendaritza, Gidoi eta Film Onenaren sariez gain, Benito Ansola saria (24 urte baino gutxiago duten zinegileen lanak saritzen dituena eta hurrengo urteko lehiaketarako akzesita ematen duena) eta Ikuslearen saria (zuzenean ikusleek aukeratzen dutena) ere izango ditugu aurten.

Aurtengo oinarrien arabera helarazitako lan guztietatik, aurre-aukeraketa bat egingo da eta, horietatik, 20 film laburrek osatuko dute Sail Ofizialeko Lehiaketa.

Euskal Zine Bilera urriaren 17tik 20ra ospatuko da Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan eta bertan ikusi ahalko dira Sail Ofizialera heldu diren lan guztiak.

LEHIAKETA

Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea.

Sari horiek ondorengo hauek izango dira:

  • Film onenaren saria – 3.000 €
  • Zuzendaritza onenaren saria – 1.600 €
  • Gidoi onenaren saria – 1.600 €
  • Benito Ansola saria (2000. urtetik aurrera jaiotakoentzat) – 1.000€
  • Ikusleen saria – 750 €


OINARRIAK

Lanak aurkezteko epea uztailaren 30era bitartean mantenduko da zabalik eta bere oinarriak zinebilera.eus webgunean egongo dira eskuragarri.

Sail ofizialeko lanen egileei sari banaketa ekitaldian parte hartzea errazteko Lekeition gaua igarotzeko aukera eskainiko zaie. Film bakoitzaren egileari gela bikoitza ziurtatuko zaio. Gaua igarotzera geratu ezin diren egileen kasuan dieta gastuak ordainduko zaizkie.

Animatu eta parte hartu ezazu Euskal Zine Bileran!