Jaialdiari buruzko lehen balorazioa

Euskal Zine Bileraren antolakuntzatik lehen balorazio bat egin dugu jaialdiari buruz. Oso irakurketa positiboa egiten dugu oro har, aurtengo edizioarentzako ezarritako helburu guztiak bete baitira.

Helburu nagusien artean ezarri genuen euskuskarazko ikus-entzunezkoen hitzordu erreferentziala izaten jarraitzea. Zentzu honetan, helburu hori bete dela deritzogu, jaialdiaren hitzordu eta  espazioetan jaso dugun parte hartzea kontuan izanik. Jaialdiak jakin du bere erreferentzialitatea mantentzen. Horrez gain, jakin du lehiaketara erakartzen Euskal Herrian euskaraz egiten diren produkzio labur gehienak eta kalitatezko aukeraketa baten parte izanik lehian jartzen. Aurreaukeraketa prozesura aurkeztutako film kopurua 27 izan da eta hortik 19 izan dira lehiaketan, eta beste bi lan proiektatu dira lehiaketaz kanpo. Genero zinematografiko anitzak ikusi ahal izan dira eta maila handiko lanak gainera. 

Ildo honetatik jarraituta, programazio anitz eta aberatsa proposatu du, kultur egitasmo garaikide bat eskeiniz eta bidelagun dituen eragileekin batera zubi eta kolaborazio harremanak eratuz. Lehiaketako proiekzio eta sari banaketaz gain, begirada sariaren ematea, hiru solasaldi, ikus entzunezko esperimentaziorako tailer bat, kameratoia, kontzertu bat eta elkartukerako espazioak eskeini ditu aurtengo edizioak. Honekin guztiekin, euskarazko ikus entzunezkoen sektoreko sortzaile eta eragileekin harreman estu bat landu nahi izan da.

Zentzu horretan, Lekeitio eta inguruko eskualdearentzako egitasmo batetik haratago, Euskal Herri osorako kultur proposamena da EZB. Horren erakusle da filmak Euskal Heriko herrialde gehienetatik aurkeztu izana, edo web orriaren erabilera datuek ematen dituzten jarraipen-adierazleak.

Hartara, Euskal Zine Bileraren antolakuntzak argi du euskara hutsez egiten den jaialdi zaharrenak inoiz baino beharrezkoagoa izaten jarraitzen duela. Eta horrekin batera, egitasmoaren xede hirukoitza betetzen jarraitzeko lanean jarraituko duela: euskaraz zine sortzen laguntzeko, euskararen zinema harremanetan jartzeko eta ikustera emateko zereginean. 

Epe laburrean, aurtengo edizioaren balorazio zorrotz eta zehatz bat egingo da jaialdian parte hartu duten eragile guztiekin eta 47. edizioaren deseinu prozesua abiatuko dugu. Horrela  indarguneak sendotu eta ahulgune eta eukeren arabera hurrengo edizioari forma emateko.

Abian da 46. Euskal Zine Bilera!

  • Lekeitioko zine jaialdiak bere ondarea jarriko du balioan, jaialdiaren sortzaileak zirenei keinu bat eginez.
  • 46. edizioa urriaren 19tik 22ra ospatuko da, “Jarraitu zinearen lorratza” lema pean.
  • Lau eguneko luzera izango duen jaialdiak euskal zinemagintzaren alor desberdinak landuko ditu proiekzio, solasaldi eta tailerren bidez.

46. edizioa izango da aurtengoa
Pausoz pauso bidea egin du Euskal Zine Bilerak, hasierako nortasuna galdu gabe. Zinearen lorratzak ekarri gaitu honaino eta eskerrak eman behar dizkiegu norabidea bideratu eta ibilbidea erraztu duten guztiei.

Euskal – Zine – Bilera
Jaialdiaren izena hiru hitzek konposatzen dute. Lehenengoak gure kultura eta hizkuntzari egiten dio erreferentzia, euskarari eta euskal kulturari hain zuzen. Euskaraz sustatu eta indartzea bilatzen duen jaialdia da gurea, euskarazko zine jaialdi zaharrena alegia. Bigarren hitzak zinea aipatzen du, zinemaren zaletasuna piztu eta gure ama hizkuntzarekin bat egitea. Azkenik, “bilera” hitza aipatzen da, eta hori da hain zuzen, Lekeitioko ekimen honen oinarria, euskarazko zinema zaleak eta sektoreak bat egiten duten gune bat proposatzea. Hiru hitzek ondo baino hobeto deskribatzen dute gure Lekeitioko jaialdia, euskarazko zinemagintzaren erakusleihoa bilakatuz.

Urriaren 19tik 22ra
Aurten ere Ikusgarri zine aretoak bere ateak irekiko dizkio Lekeitioko Euskal Zine Bilerari, zehazki urriaren 19tik 22ra bitartean. Jaialdiak 4 eguneko iraupena izango du, eta egun horietan zehar euskal ikus-entzunezkoen proiekzioak, aktore eta zuzendariekin solasaldiak, tailerrak eta sorpresaren bat ere izango dugu. Ezin dugu ahaztu gurea euskara hutsez egiten den zinema jaialdirik zaharrena dela. Orain dela 46 urte, Lekeitioko lagun talde batek zinema jaialdi amateur hura martxan jarri zuenetik, lau hamarkadatik gora daramatza euskarazko ikus entzunezkoentzako topaleku izaten.

>Sail Ofizialeko Lehiaketa
Proiekzioak: Urriak 19 (19:00), urriak 20 (19:00) eta urriak 21 (12:00)
Sari banaketa: Urriak 21, 19:30etik aurrera, Ikusgarri zine aretoan. Ana Goitia eta Jon Garatek aurkeztuta.

Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen Sail Ofizialeko Lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Guztira 19 film izan dira lehiaketarako aukeratuak izan direnak.

Zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea. Azkenik, 2001. urtetik aurrera jaiotako zinegile onenari ere saria emango zaio.

Sari horiek ondorengo hauek izango dira:
·         Film onenaren saria – 3.000 €
·         Zuzendaritza onenaren saria – 1.600 €
·         Gidoi onenaren saria – 1.600 €
·         Ikusleen saria – 750 €
·         Gazte 22 saria (2001. urtetik aurrera jaiotakoentzat) – 750€

Irabazleak aukeratzearen arduradunak Alaitz Arenzana (Zinegoak festibaleko zuzendari artistikoa), Ramon Agirre (Ibilbide luzeko euskal aktorea) eta Nerea Alberdi (Konpositorea, orkestratzailea eta moldatzailea) izango dira, zalantzarik gabe, esperientzia handiko epaimahai anitza izango dugu. Sari banaketako sarrerak dohainik izango dira eta eskuragarri egongo dira urriaren 21ean, 18:30etik aurrera. 

>KLIXKA Esperimentazio Espazioa
Urriak 21, 12:00 – 14:00 eta 17:00 – 19:00, kultur etxeko Eskolape aretoan.

Euskal Zine Bilerako ZOOM atalaren barnean eta Lekeitioko biztanleei zuzendutako programa pedagogiko bat sortzeko asmoz, Arropaineko Arraguaren Klixka programa abian jarri da aurten. Klixka, ikus-entzunezko artxibo baten produkzioaren esparrutik bideratzen da, sorkuntza garaikideko praktiketatik, analogikotik digitalera mugituz, eta alderantziz, ikus-entzunezko praktika eta esperientzia zabaldu eta elikatzeko helburuarekin. Aurten, Azkue Ikastolako DBH3ko ikasleek eta Iturriotz Institutuko Batxiler 2ko ikasleek parte-hartu dute eta artista gonbidatuak Zaloa Ipina, Inaki Rifaterra eta Peru Galbete izan dira. Programa pedagogikoan garatu diren ikus-entzunezko artxiboak erabiliz Klixka esperimentazio gunea diseinatu dugu, tailerretan garatutako esperientziak biltzen dituen ekimena, non tailerretako parte-hartzaileek zein herritar guztiek esperimentatu eta jolastu ahal izango duten.

>Zinegilea Ezagutu: Esti Urresola
Urriak 22, 18:30, Ikusgarri zine aretoan

Euskal Zine Bilerak Estibaliz Urresola Solaguren zuzendaria, gidoilaria eta ekoizlearekin solasaldia izango dugu “Zinegilea ezagutu” atalean. Hainbat lan egin ditu zinemaren eta telebistaren alorrean, eta urte honetan bertan “20.000 especies de abejas” filma zuzendu du. Filmaren arrakastaren parte izan da Sofia Otero haurrak, 9 urterekin, aktorerik onenaren Zilarrezko Hartza eskuratu izana Berlinale jaialdian. Horretaz gain, Oscar sarietan lehiatzeko aurreaukeratua izan da pelikula. Zinegile moduan lan egiteko duen moduaz, filmeez, eta esku artean dituen proiektuez hitz egiteko tartea izango da. Solasaldia gidatzen arituko dira Gentzane Agirre kameralaria eta Raul Barreras, “20.000 especies de abejas” filmearen muntatzailea.

>19. Kameratoia
Sari banaketa urriak 22, 16:30, Ikusgarri zine aretoan.
Egindako lanen emaitzak proiektatuko dira, Ugaitz Alegriak gidatutako ekitaldian.

Euskarazko ikus entzunezkoen rally-a Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den ekimena da. 18 eta 26 urte bitarteko zinegile gazteek 36 ordu besterik ez dituzte izango film bat sortu eta aurkezteko. Edizio honetan, arrakasta handia lortzen ari den Estibaliz Urresola zuzendaria (20.000 especies de abejas) eta iazko Euskal Zine Bilerako zuzendari onenaren saria irabazi zuen Aitzol Saratxaga zuzendaria (Lanbroa) izango dira epaileak. Honetaz gain, partaideek soinu masterclass-a izango dute Asier Renteria soinu ekoizlearen eskutik. Izen-ematea urriaren 18ra arte egongo da zabalik.

Lekeitioko Euskal Zine Bilerak irekiko dizkio ateak euskal zinemagintzari urriaren 19tik 22ra bitartean. Informazio gehiago www.zinebilera.eus orrialdean. 

Euskal Zine Bilera berrikuntzaz josita dator!

  • Lekeitioko zine jaialdiak Elena Irureta eta Ane Gabaraini emango dio Euskal Zinemaren Begirada saria, euskal zinemagintzan egin duten ekarpena omentzeko asmoz.

  • Garaikur berriak emango dira aurtengo jaialdian, Sahatsa Jauregi artistak egindakoak hain zuzen.

Lekeitioko Euskal Zine Bilera hasteko egun batzuk baino ez dira geratzen eta jaialdiak bere aurtengo berrikuntzak eman ditu ezagutzera.

Edizio honetan jaialdiak ondare gisa duen balioa goraipatu nahi du Euskal Zine Bilerak. Aurtengoa 46. edizioa izango da, eta ibilbide luze honetan zehar emandako pausoak mahai gainean jarriko dira. “Jarraitu zinearen lorratza” da jaialdia borobilduko duen lema, atzera begirada egitea bide berriak zabaltzeko.

Euskal Zinemaren Begirada saria
Euskal zinemagintzari norbaitek eman badio ospea horiek gure aktoreak izan dira. Ikuspegi horretatik, Euskal Zine Bilerak urtero jartzen du bere begirada euskal ikus-entzunezkoen alorrean ekarpen berezia egin duen eragile edo pertsona batengan. Aurten, bi aktore handiren bideak berriz gurutzatu nahi ditu eta merezi duten aitortza egin eta ospatu. Hamarkada guzti hauetan, gure iruditegia osatzeko egindako ekarpena eta euskal ikus entzunezko ondarean utzitako lorratzaren gainean jarriko dugu Euskal Zinemaren Begirada. Zehazki saria Ane Gabarain Gaztelumendi (Donostia, 1963) eta Elena Irureta Azanza (Zumaia, 1955) aktoreentzat izango da. Biak bietara euskal zein Euskal Herritik kanpoko iruditegian lekua egin duten aktoreak dira.

Pantaila irekia
Euskal Zine Bilerak euskarazko zinemagintza bultzatu eta sustatzeko lana egiten du eta badaude antzerako helburua duten beste eragile batzuk ere. Hori dela eta, garrantzitsutzat ematen da horiekin ere elkarlana sustatzea. Edizio honetan asko izango dira bidelagunak baina, berrikuntza gisa, Gasteizko Artium Museoarekin partekatuko dugu tarte berezi bat. Pantaila irekia ekimenaren barnean euskal kulturgintzaren alorreko erakundea den Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoarekin elkarlanean abiatzen da “Zine Elkarrizketak” egitasmoaren bidez. Artium Museoko “Z” aretoan erakutsitako hiru euskal sortzaileren lanen aukeraketa bat proiektatuko da eta egileekin elkarrizketa egingo da ostean. Ainara Elgoibar-en “Gold 20”, Maddi Barber eta Marina Lameiro-ren “Paraíso” eta Irati Gorostidi eta Mirari Echavarri-ren “San Simon 62” filmak ikusi ahalko dira.

Garaikur berria
Euskal Zine Bilerak zinemagintzaz gain, artearen esparru ezberdinetara zabaldu nahi ditu bere mugak. Hau kontuan izanik, jaialdiaren garaikurra berritzeko deialdia egin zuen duela hilabete batzuk. Gainera, 2023tik aurrera euskal artista batek hartuko du garaikurra diseinatzeko enkargua, eta hiru urtero beste sortzaile bati pasako dio testigua. 46. edizio honetako garaikurra Sahatsa Jauregi artistak (Taparica, Brasil, 1984) egin du. Ezezaguna eta ezagunaren, hurbilekoa eta urrunekoaren arteko harremanean oinarritutako pieza bat aurkeztu du Sahatsak. Julio Medem-en “Vacas” filma ere abiapuntutzat hartuta, EZBko urrezko antzarra testuinguru berritu batean jartzeko.

Andrezaharraren Manifestua
Mari Luz Estabanek idatzitako «Andrezaharraren manifestua» zine bilakatuta. Manifestu bat da esanguraz bete nahi den aldarri bat gai, arlo, eremu batean non esanahiak kerratuz doazen eta errealitate berriak isilik ere garrasika hasten diren. Lehiaketaz kanpo emango den film honek Mari Luz Esteban antropologarekin solasean aritzeko aukera emango du.

Esan bezala, aurtengo jaialdiak bidelagun asko izango ditu eta baita zenbait sorpresa. Gogoratu, Euskal Zine Bilera urriaren 19tik 22ra ospatuko dela Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan. Informazio gehiago www.zinebilera.eus orrialdean. Zatoz eta jarraitu zinearen lorratza!

Garaikur berria

EZBren garaikurra berritu egin da aurten. 2023tik aurrera euskal artista batek hartuko du garaikurra diseinatzeko enkargua, eta hiru urtero beste sortzaile bati pasako dio testigua.

Aurtengo garaikurra Sahatsa Jauregi artistak (Taparica, Brasil, 1984) egin du.

2007an bere bidea hasi zuenetik, ibilbide oparoa izan du Sahatsa Jauregik. Egoile gisa egon zen Pacific Film Archieve-en (Berkeley, CA) eta baita Bilboarte Fundazioan edo Consonnin. Erakusketak diseinatu izan ditu (Black is Beltza Azkuna zentroa, Tirabirak Donostiako 2016ko Kultur Hiriburutza, edo Kearen Artxibogileak, Tabakalera). Bere obra erakutsi du Bilboko Carreras Mujica galerian, Gasteizko Montehermoso kulturgunean edo Donostiako Koldo Mitxelenan. 2022an Aizkorak lana erakutsi zuen Bilboko Azkuna Zentroan, eta, momentu honetan, Testuinguruak bilduma batetik hartuta lana dauka ikusgai Gasteizko Artium Museoan.

Ezezaguna eta ezagunaren, hurbilekoa eta urrunekoaren arteko harremanean oinarritutako pieza bat aurkeztu du Sahatsak. Julio Medem-en “Vacas” filmea ere abiapuntutzat hartuta, EZBko urrezko antzarra testuinguru berritu batean jartzeko.

46. EUSKAL ZINE BILERA

Lehiaketan izena emateko epea uztailaren 31 arte egongo da zabalik

Aurten 46 urte beteko ditu euskara eta zinema batzen dituen Lekeitioko jaialdiak. Zinea lekuko bat bezala ulertzen dugu, eskutik eskura bidaiatzen duena. Istorio bat, belarritik belarrira kontatzen doana eta aho bakoitzean desberdin bilakatzen dena. Aurten ere, istorioekin emozionatzen jarraitu nahi dugu. Etorkizunera begiratzen dugu, bidea egiten dutenen lorratzak jarraituz, euskarazko zine-zidorrak zabalduko dizkiguten bidegile berrien zain.

Euskal Herrian mantentzen den jaialdi zaharrena da gurea, eta euskara hutsez egiten den bakarra Euskal Herriaren hegoaldean behintzat. Edizio berri honetan berez garenarekin konektatzen jarraituko dugu, jaialdiaren oinarrietatik sustraituz. Euskal Zinemak herriarekin duen lotura loratuko dugu, zinemara joateko ohiturari balorea emanez.

Era berean, “bilera” izatearen esanahia azpimarratu nahi dugu, zinemarekin lotura handiagoa edo txikiagoa dugunon norabideak batzen diren lekua hain zuzen. Amateur zein profesionalen arteko harremanak, herritarren eta herrira etorriko direnen artekoak, zinema eta Lekeitioren artekoak. Horregatik, esperientzia eta bizipen berezia izaten jarraituko du Euskal Zine Bilerak.

Urriaren 19tik 22ra Euskal Zine Bilerak, euskarazko ikus-entzunezkoen markoaren barnean aurkitzen diren eragileekin lanean jarraituko du, bertan aurkitzen diren profesional, amateur edota zaleen errealitateak hobeto ezagutzeko eta interesa izan ahal duten pertsonak erakartzeko.

LEHIAKETA

Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea.

Sari horiek ondorengo hauek izango dira:

  • Film onenaren saria – 3.000 €
  • Zuzendaritza onenaren saria – 1.600 €
  • Gidoi onenaren saria – 1.600 €
  • Ikusleen saria – 750 €
  • Gazte 22 saria (2001. urtetik aurrera jaiotakoentzat) – 750€


Lanak aurkezteko epea uztailaren 31ra bitartean mantenduko da zabalik eta bere oinarriak zinebilera.eus webgunean egongo dira eskuragarri. Aukeraketa egiteko orduan, Lea Artibai eskualdeko egileen lanak jaialdian egotea bultzatuko da, lehiaketa barnean zein lehiaketaz kanpo.

Aurkezten diren lanen artean 20 inguru izango dira aukeratuak lehiaketan parte hartzeko. Sail ofizialeko lanen egileei sari banaketa ekitaldian parte hartzea errazteko Lekeition gaua igarotzeko aukera eskainiko zaie. Film bakoitzaren egileari gela bikoitza ziurtatuko zaio. Gaua igarotzera geratu ezin diren egileen kasuan dieta gastuak ordainduko zaizkie.