
Zabalik da 19. Kameratoian izena emateko epea
22/09/23Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean, euskarazko ikus-entzunezkoen rally-ak, 19. edizioa ospatuko du urriaren 20tik 22ra bitartean Lekeition. Lehiaketa honetan parte hartzeko 18 eta 26 urte bitarteko gazteek zabalik dute izena emateko aukera Kameratoiaren webgunean urriaren 18ra arte.
Edizio honetan, arrakasta handia lortzen ari den Estibaliz Urresola zuzendaria (20.000 especies de abejas) egongo da epaile lanak egiten iazko Euskal Zine Bilerako zuzendari onenaren saria irabazi zuen Aitzol Saratxaga zuzendari bilbotarrarekin batera (Lanbroa). Honetaz gain, partaideek doako soinu masterclass-a izango dute Asier Renteria soinu ekoizlearen eskutik ostiralean, urriaren 20an arratsaldeko 18etan, Lekeitioko Kultur Etxean, lehiaketa hasi baino lehen.
Formazio saioa eta gero Estibaliz Urresolaren eskutik jakingo da urte honetan landu beharreko gaia eta 36 ordu izango dute partaideek laburmetraia gauzatzeko. Honela, igandean, urriaren 22an, eguerdia baino lehen entregatu beharko dituzte ikus-entzunezkoak.
Esperientzia ahaztezina izateko, izena ematen duten lehen 20 partaidek gau bateko egonaldia doan izateko aukera eukiko dute.
Sariei dagokienez, film labur hoberenak 800 euro irabaziko du eta bigarren hoberenak 350 euro. Gainera biak Topaguneak antolatzen dituen DemaSA lehiaketan sailkatuko dira. Igandean bozketa gehien jasotzen duenak ere Publikoaren Saria irabaziko du.
Animatu zaitez!