Cerrar

BENITO ANSOLAREN AZKEN FILMA

11/10/22

Euskal Zine Bilerak bere sortzaile den Benito Ansola Erkiaga omenduko du ekitaldi berezi batetan

45. Euskal Zine Bilera ospatuko da aurten eta, noski, urte guzti hauetan jaialdiak eboluzio handia izan du. Aldaketak egon badira ere bere oinarriak, bere arima hain zuzen, mantentzeko ahalegin handia egiten da, hori baita jaialdia berezi egiten duena. Duela berrogeita bost urte jaialdia sortu zutenen izenak beti gogoan daude eta, nola ez, Benito Ansola Erkiagarena. Euskal Zine Bileraren sortzailea eta euskarazko zinemaren sustatzaile handietako bat da Ansola. 

Urriaren 22an, larunbata, 11:00etan, Benito Ansolaren ibilbidea errepasatzeko aukera izango dugu. Solasaldian zehar Euskal Zine Bileraren sustraietatik gaur egunera bidaiatuko dugu. Eta ez hori bakarrik, Traola produkzioak-en laguntzarekin Benito Ansolak egindako azken filmaren estreinaldia ikusiko dugu. 94 urte bete dituen zuzendariak duela urte gutxi batzuk egiten hasitako pelikularen emaitza erakutsiko digu. Aittitta Makurra izenez, filmak heriotzaz eta bizitzaz hitz egiten duen kondaira baten kontakizuna azalduko digu. Ikusgarri zine aretoa beraz, Benito Ansola Erkiagaren azken lanaren testigu izango da, zine zale eta lekittarrek galdu ezin duten ekitaldia aurkeztuz.