Cerrar

45. EUSKAL ZINE BILERA

25/04/22

Lehiaketan izena emateko epea uztailaren 31 arte egongo da zabalik

Aurten 45 urte beteko ditugu eta sekula baino arrazoi gehiago ditugu Lekeition zineaz gozatzen jarraitzeko. Euskal Herrian mantentzen den jaialdi zaharrena da gurea, eta euskara hutsez egiten den bakarra Euskal Herriaren hegoaldean behintzat. Euskal Zine Bilerak hiru norabidetan garatzen du bere lana: Euskarazko zinema SORTUz, Euskararen zinema PARTEKATUz eta Euskal Zinemagintzarekin SARETUz. Hiru bideetan zehar abiatzen da, beraz, EZBren misioa.

Aurtengoa jaialdia intentsoagoa izango da, egun gutxiago baina edukiz betea. Berez garenarekin berriz konektatzeko tarte bat hartu nahi dugu berriro. Euskal Zinemaren Herriarekin lotu nahi gara berriz eta zinemara joateko ohiturari balorea eman. Eta, horretarako, indar guztiak harremanetan inbertituko ditugu aurten eta “bilera” izaera bereziki sendotuko dugu. Amateur zein profesionalen arteko harremanak, herritarren eta herrira etorriko direnen artekoak, zinema eta Lekeitioren artekoak. Horregatik, jaialdia, esperientzia eta bizipen berezia izaten jarraitzea da aurtengo helburu nagusia.


Urriaren 20tik 23ra Euskal Zine Bilerak, euskarazko ikus-entzunezkoen markoaren barnean aurkitzen diren eragileekin lanean jarraituko du, bertan aurkitzen diren profesional, amateur edota zaleen errealitateak hobeto ezagutzeko eta interesa izan ahal duten pertsonak erakartzeko.

LEHIAKETA

Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea.
Sari horiek ondorengo hauek izango dira:

  • Film onenaren saria – 3.000 €
  • Zuzendaritza onenaren saria – 1.600 €
  • Gidoi onenaren saria – 1.600 €
  • Ikusleen saria – 750 €
  • Gazte 22 saria (2000. urtetik aurrera jaiotakoentzat). Kategoria honetan lehiatu nahi duenak izena emateko orrian adierazi beharko du eta eskariari NAN kopia bat erantsi beharko dio – 750 €.

Lanak aurkezteko epea uztailaren 31ra bitartean mantenduko da zabalik eta bere oinarriak gure webgunean egongo dira eskuragarri. Aukeraketa egiteko orduan, Lea Artibai eskualdeko egileen lanak jaialdian egotea bultzatuko da, lehiaketa barnean zein lehiaketaz kanpo.

Aurkezten diren lanen artean 20 inguru izango dira aukeratuak lehiaketan parte hartzeko eta sortzaileak zein zinegileak Lekeition egoteko azpiegitura jarriko da, herrira hurbiltzeko erreztasunak eman eta alojamendua ziurtatuz. Hartara, zinema giroa bultzatuko da herrian.