Cerrar

Badator 44. Euskal Zine Bilera!

19/11/21

Edizio honetan Ikusgarri zine aretoko ateak irekiko ditugu eta euskarazko filmez beteriko 8 egun proposatuko dira!

Berriz ere hemen dago euskara eta zinema batzen dituen hitzordua! Lekeitioko Euskal Zine Bilerak bere 44. edizioa ospatuko du aurten azaroaren 20tik 28ra izango dugun jaialdiarekin. Era berean, Ikusgarri zine aretoan emango diren proiekzio asko zinebilera.eus orrialdean ere izango ditugu, jaialdiaren digitalizazioan iaz hasitako pausoekin jarraituz.

Zinea gune seguru da eta izaten jarraitu behar du, hori dela eta, protokolo zorrotza jarraituko da jaialdiaren egun guztietan, bertara etortzen diren guztiak lasaitasun osoz zinemaz gozatu dezate.

Egitarau anitza izango dugu aurten ere, ikus-entzunezkoak biltzen dituzten arlo desberdinak proposatuz. 44. edizio honetan aurreko urteetan landutako espazioak mantenduko dira, bere eduki guztiak 3 ataletan bananduz: Euskarazko zinema SORTU, Euskararen zinema PARTEKATU eta Euskal Zinemagintzarekin SARETU.

Irekiera ekitaldia

Larunbat honetan hasiko da jaialdia eta, nola ez, Aitor Abaroa eta Ana Goitia izango dira aurtengo Euskal Zine Bileraren irekiera ekitaldia gidatzearen arduradunak. Edizio honen berrikuntzak eta egitaraua azalduko da eta, ondoren, “Paperezko hegoak” dokumentala eta bere zuzendariak diren Josu Martinez eta Samara Velte-rekin solasaldia izango dugu.

Zoom

Familientzako lantegi honetan, irudi mugikorren sorrera landuko da likidoekin esperimentatuz, Arropaineko Arraguak eta Aitor Gametxok gidatuta. 

Atzo 8

Zine-lab-ek antolatutako programa hau, Tramana Pictures ekoiztetxea sortu zuten lekeitiar zinemagile taldeari eskainita dago eta bi zatitan planteatzen da. Alde batetik, igandean, 12:00etan, Super 8 formatoko proiekzio bi eta solasaldia izango ditugu Azkue aretoan, eta bestalde, digitalizatutako beste bi film egongo dira ikusgai gure webgunean. 

Kameratoia

Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den film laburren lehiaketa izango dugu aurten ere Euskal Zine Bileran. Domekan, 17:00etan, lanen proiekzioa eta sari banaketa ekitaldia izango ditugu Ikusgarri aretoan eta online, Ugaitz Alegriak aurkeztutako ekitaldian.

Lehiaketa: Sail ofizialeko filmak

Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute EITB Ikuslearen Sariaren irabazlea, horretarako Ikusgarri zineman zein zinebilera.eus orrialdean ikusleek haien botoak eman ahalko dituzte. Azaroaren 22tik 25era bitartean izango dugu lehiaketa eta egun bakoitzean 5 film artean emango dira.

Amaiera ekitaldia eta sari banaketa

Azaroaren 27a izango da aurtengo Euskal Zine Bilerako irabazleak ikusteko aukeratutako eguna. Bertan Izaskun Arandia, Iratxe Fresneda eta Ane Pikazak osatutako epaimahaiaren erabakia ezagutuko dugu.

Sari horiek ondorengo hauek izango dira:

Film onena 1.900,00 €
Zuzendaritza onena 1.600,00 €
Gidoi onena 1.600,00 €
EITB Ikusleen saria 750,00 €

Era berean, amaiera ekitaldi honetan Euskal Zinemaren Begirada eskainiko zaio euskal animazioaren industriari. Euskaraz ekoiztutako animazioa bultzatu eta zine zale berriak sortzeko lanean aitzindari izan diren Baleuko eta Dibulitoon Studio ekoiztetxearen lana omenduko dira.

Zinemak mugitzen gaituelako!

Euskal Zine Bilera aipatutako sekzioak baino askoz gehiago da. Atal guztiak ezagutu nahi? Lortu egitaraua zinebilera.eus orrialdean! Gogoratu, azaroaren 20tik 28ra bitartean euskarazko zinemaz gozatzeko aukera paregabea izango duzue! Zatoz 44.Euskal Zine Bilerara, zinemak mugitzen gaituelako!