Cerrar

KAMERATOIAK BERE 17. EDIZIOA OSPATUKO DU AURTEN LEKEITIOKO EUSKAL ZINE BILERAN

07/10/21

Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak antolatzen duten euskarazko ikus-entzunezko rally hau azaroaren 12tik 14ra egingo da, jaialdiaren 44. edizioaren barruan.

Bizi dugun egoera berezi honetan, Kameratoia aurten ere on-line formatuan ospatuko da eta izena emateko epea azaroaren 7ra bitartean egongo da zabalik Kameratoiaren webgunean.

Kameratoia ikus-entzunezko rally-aren mekanika erraza da oso. Azaroaren 12an emango dira ezagutzera aurtengo gaia eta filmean agertu beharreko ezaugarri batzuk. Parte-hartzaileek 36 ordu izango dituzte idea garatu eta gauzatzeko eta azaroaren 14an, eguerdiko 12:00etarako, film laburrak email bidez aurkeztu beharko dira.

Edizio honetan, Aitziber Garmendia aktore eta sortzailea izango da parte-hartzaileen gidaria. Formazio saio bat eskaintzeaz gain, lanen epaimahaikide ere izango da Aitziber, iazko Euskal Zine Bileran zuzendari onenaren saria jasotako Iban Goiko eta Aitor Mendilibarrekin batera.

Kameratoian aurkeztutako film guztiak Euskal Zine Bilerako webgunean egongo dira ikusgai eta ikusleek haien botoekin ikuslearen saria nork eramaten duen aukeratu ahalko dute. Kameratoiaren 3 irabazleak azaroaren 21an iragarriko dira. Lehen sariak 800 euroko ordainsaria du, 400 eurokoa bigarrenak, eta hirugarrenak berriz, Euskal Zine Bilera jaialdiko Publikoaren saria jasotzen duenak, Lekeitioko Trinkete aterpetxean gau bateko egonaldia.

Guzti hauekin sekulako Kameratoia izango dugu aurten ere, animatu eta eman izena!