Cerrar

Hemen da 43. Lehiaketa!

23/11/20

Edizio honetako eduki guztiak zinebilera.eus orrialdean ikusi ahalko dituzue azaroaren 21etik 29ra bitartean.

Heldu da unea, euskarazko zinemaz gozatzeko hitzordua hemen dugu! Lekeitioko Euskal Zine Bilerak bere 43. edizioa ospatuko du aurten eta online izaera izango du pantaila guztietara heltzeko. Ordenagailu, tablet edota mugikorretatik jarraitu ahalko da jaialdia, zinebilera.eus orrialdearen bitartez. Egitarau anitza prestatu da ikus-entzunezkoak biltzen dituzten arlo desberdinak landuko dituzten atalak aurkeztuz.

Lehiaketa

Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute EITB Ikuslearen Saria irabazlea, horretarako zinebilera.eus orrialdean ikusleek haien botoak eman ahalko dituzte filmak eman ostean. Azaroaren 23tik 26ra bitartean izango dugu lehiaketa eta egun bakoitzean 4 eta 5 film artean emango dira web orrialdean, filmak ikusi ostean hauetako bakoitzari puntuazioa emateko aukera egongo da:

Sari horiek ondorengo hauek izango dira:

Film onena 1.900,00 €
Zuzendaritza onena 1.600,00 €
Gidoi onena 1.600,00 €
EITB Ikusleen saria 750,00 €

Sortu, Partekatu, Saretu

Euskal Zine Bilera lehiaketa baino askoz gehiago da. Hainbat atal aurkezten ditu bere barnean dituen eduki guztiak barneratzeko. Atal guzti hauek hiru espazioaren barnean kokatuko dira, Sortu, Partekatu eta Saretu:

SORTU atalean zinearen esperimentazio eta alfabetizazioarekin lotutako ekimena aurkituko ditugu. Alde batetik, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den Kameratoia izan genuen azaroaren 22an, Ugaitz Alegriak aurkeztutako gala berezian. Bertan, ikuslearen saria ND3 taldearen “Plastikozko haginak” filmak eraman zuen. Bestetik, bigarren saria Emeki films-en “Tentuz” lanarentzako izan zen. Azkenik, lehenengo saria Spookypheria Productions talderen “Agur” lanak eraman zuen. Gazteentzako euskarazko ikus-entzunezko rally honetan izena ematen duten taldeek, ordu gutxi batzuk besterik ez dituzte izan film laburrak egiteko. Bestetik, Benito Ansola saria izango dugu. Aurreko urtean saria eraman zuen Oier Fuentesek bere filmaren produkzioa nolakoa izaten ari den azalduko digu, egungo osasun egoerak sortu dituen zailtasunak zehaztuko dituen work in progress batekin.

PARTEKATU atalean zinemaren arlo ezberdinak elkarbanatzeko xedea duten espazioak azaltzen dira. Alde batetik, aurre aukeratuak izan diren 19 lanek osatuko duten Lehiaketa izango dugu. Film horiek zeintzuk diren jakin nahi? Hauen inguruko informazio guztia zinebilera.eus orrialdean aurkituko duzue. era berean, Irabazleak aukeratzearen arduradunak Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda izango dira. Beste aldetik, Euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemaren Begirada izango dugu. Sari hau Pascal Gaigne musikariari emango zaio, urteetan zehar euskarazko filmetan egindako musika omentzeko asmoz. La Trinchera Infinita, Dantza, Handia edo Errementari dira azken urteetan bere konposaketen artean aurkitzen diren filmak.

SARETU atalean euskal ikus-entzunezkoen sortzaile eta erakundeekin jarriko gara harremanetan. (H)emen elkartearekin batera, euskal zinemagintzaren egoera eta ezinegonak partekatzeko solasaldia antolatuko da. Era berean, Pantaila Zuria espazioa estreinatuko dugu, ikus-entzunezko beste jaialdi eta egitasmoei leiho bat irekiz, aurten Zinegoak izango da gonbidatua. Zoom atalean, Hazparneko Zinegin festibalarekin elkanaren bidez sortutako egitasmoa aurkeztuko da. Azkenik, iraganetik datozen irudi eta soinuak biltzea xede duen Atzo8 izango dugu, Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean.

Gogoratu, azaroaren 21etik 29ra bitartean euskarazko zinemaz gozatzeko aukera paregabea izango dute zine zaleek zinebilera.eus orrialdearen bitartez! Jarraitu zuzenean 43.Euskal Zine Bilera!