Cerrar

Euskal Zine Bilera 2021era begira

09/12/20

Aurten sortutako elkarlanak indartuko dira hurrengo edizioan zehar, ikusleentzako kalitatezko edukiak erakartzen jarraitzeko asmoz.

Euskal Zine Bilerak bere 43. edizioa amaitu berri du, baina jada hasi da hurrengo urtera begira. Aurtengo jaialdiak berrikuntza asko izan ditu eta horien artean nabarmena izan da online izaera. Osasun egoerak bultzatuta eta ikusleengana heltzeko bide berriak bilatu nahian jaialdi osoa internet bidez ikusi ahal izan da. Euskal Zine Bilera pantaila guztietan egon da, ordenagailu, tablet zein mugikorretik. Lekeitiora etorri ezin diren horiengana hurbildu da eta ikusi zein parte hartzeko erraztasunak eman zaizkie zine zaleei. Online izaera honen emaitza onak kontuan hartuta, hurrengo urteetan ere landu beharko den bidea izango da.

Bestalde, eta Euskal Zine Bileraren etorkizunean ia pisu handiagoa izango duena, elkarlan berriak bideratu dira beste elkarte eta jaialdi batzuekin, sendotasuna bilatzeko apustu argia eginez.

Zinegoak-en aurkezten diren lanak Lekeition izango ditugu

Aurten Zinegoak jaialdiarekin sortutako elkarlanak emaitza argiak utziko ditu. Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinema Eta Arte Eszenikoetako jaialdiaren hedapen sarean sartuko da Lekeitio, hau da, Zinegoaken aurkezten diren filmeen proiekzioak, solasaldiak edota aurkezpenak Lekeitiora ere hurbilduko dira. Hedapen sare horretan Bilborock, Azkuna Zentroa edo Bilboarte aurkitzen dira eta elkarlan honi esker, Lekeitio ere parte izango da.

Euskal Zine Bilera eta Zinegoaken arteko lan honen bidez, bi jaialdiek aukera berriak sortuko dituzte eta ikusleentzako eduki anitzagoak aurkezteko lan lerroak sendotuko dira. Hala ere, elkarlan honetatik irtengo diren guztiak aurrerago emango dira ezagutzera.

Lan-lerro anitzak indartzen

Nola ez, Euskal Zine Bilerak euskal zinemagintzaren sorkuntza, partekatzea eta saretzea bultzatzen jarraituko du, horretan dagoeneko bidelagun direnekin baina baita egitasmora batzeko gogoa daukatenekin. Aurtengo esperientziak erakutsi digu elkarlanean indartzen direla egitasmoak eta euskal kulturaren ekosisteman eragile izateko gogoan berresten gara.

Edizio honetan izandako bidelagun horiekin lanen jarraitzeko asmoa dago, esaterako, (H)emen elkartearekin ikus-entzunezko sektorera hurbiltzen eta Zinelab proiektuarekin ondare zinematografikoa kontserbatu eta dibulgatzen. Era berean, aurten hurbilketa berezia egin da Hazparneko Zinegin festibalera, Euskal Herrian eta euskaraz egiten den beste jaialdia izanik, Euskal Zine Bilerarekin dituen antzekotasunak indartu eta elkarlana sendotzeko. Bidelagun guzti hauen bidez jaialdi eta ekimen guztiak elkar elikatu ahalko dira, zine zale eta ikusleentzako kalitatezko edukiak sortuz.

Gogoratu, zinebilera.eus orrialdean euskarazko ikus-entzunezkoekin gozatzeko aukera izaten jarraituko duzuela, jaialdian zehar emandako elkarrizketa eta erreportajeak ikusteko aukera izanez.