43. Euskal Zine Bilerak baditu bere irabazleak!

Larunbat honetan ospatutako Sari Banaketa ekitaldian aurtengo jaialdiko sarituak eman dira ezagutzera.

19 film izan dira aurtengo Euskal Zine Bilerako Lehiaketan parte hartu dutenak. Den denak azaroaren 23tik 26era bitartean ikusi ahal izan dira zinebilera.eus orrialdean eta sekulako maila egon dela azpimarratu dute epaileek. Genero eta izaera oso ezberdinetako lanak ikusi ahal izan dira jaialdian zehar eta, aniztasun horren bidez, istorio ikusgarri eta interesgarriez gozatzeko aukera egon da.

Hori bai, film guzti horien artean hiru izan dira gailendu direnak. Saridunak erabakitzearen arduradunak Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda zinegileak izan dira eta erabaki oso zaila izan dela adierazi dute. Esperientzia eta ikus-entzunezko sektorearen ikuspegi zabala duten epaileek erronka handia izan dute film laburren artean onenak aukeratzeko.

Film onena, Zuzendaritza onena, Gidoi onena eta EITB Ikusleen saria

Film onenaren saria, Bego Vicarioren “Ehiza” pelikularentzat izan da. Epaileek nabarmendu dutenez, proposamen ausarta eta animazio lan ikusgarria da, rotoskopia teknika maisuki erabiltzen duena eta film osoan zehar erritmoa bikaina mantentzen duena. Hortaz, berarentzat 43. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria.

Zuzendaritza onenaren saria, Aitor Mendilibar eta Ibon Goikoren “Irten barrura” filmarentzako izan da. Epaileek nabarmendu duten bezala, begirada berezi eta erakargarria aurkezten duen filma da, berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra eraman du.

Gidoi onenaren saria, Imanol G. Gurrutxagaren “Nigandik” lanarentzat izan da. Isiltasun eta begiradekin errealitate garden bat aurkezten duen filmak, naturaltasun handiz familia arteko harremanak adierazten dituela azpimarratu dute epaileek. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Azkenik, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EITB Ikusleen sariaren irabazlea zein izan den ezagutu dugu. Gidoi onenaren sarian gertatu den antzera, ikusleek bat egin dute epaileen erabakiarekin eta “Nigandik” filma izan da boto gehien jaso dituena, batez beste 5etik 4,61 puntu lortuz. Hortaz, berarentzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Era berean, epaileek aipamen berezia egin nahi izan diote Ekain Albiteren “Haizearen egia” filmari, saharar eta euskal kulturaren arteko talka hain ondo azaltzeagatik, filmak begirada lausotua aurkezten duela azpimarratu nahi izan dute, flashback eta narratiba tenporala bikain nahasiz.

Euskal Zine Bilerak irabazleak ez ezik, partaide guztiak ere zoriondu nahi ditu, haien lanetan erakutsitako trebezia eta originaltasunagatik. Eta ez hori bakarrik, egunez egun zinebilera.eus orrialdean jaialdia jarraitu duten ikusleei ere eskerrik beroenak eman nahi zaizkie antolakuntzatik.

Euskal Zinemaren Begirada: Pascal Gaigne

Ekitaldi berean ere, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz Euskal Zinemaren Begirada, Pascal Gaigne musikariarengan jarri du 43. Euskal Zine Bilerak. Musikagileak urteetan zehar euskal zineman egin duen ekarpena omendu eta bere lana ezagutu eta aitortu nahi izan dugu hartara. La Trinchera Infinita, Dantza, Handia edo Errementari dira azken urteetan bere konposaketen artean aurkitzen diren filmak. Pascalen ibilbidea hobeto ezagutzeko, berarekin solasean aritu gara Aitor Abaroak egindako erreportaje baten bidez. Elkarrizketa interesgarri hau ikusi ez baduzue, gogoratu zinebilera.eus orrialdean izango duzuela ikusgai.

Jaialdiak ez du oraindik agur esatenEuskal Zine Bilera lehiaketa baino gehiago da eta irabazleak gaur ezagutu baditugu ere, bihar, azaroak 29, egitarauak jarraitu egingo du hainbat proposamenekin. 16:00etan hainbat eragileren arteko solasaldia aurkeztuko da, bertan Zinegin festibala, Zine-lab proiektua, (H)emen elkartea eta Euskal Zine Bilerako ordezkariak izango ditugu. 17:00etan Urtzi Urkizu kazetariarekin solasean arituko gara, “Euskal gatazka euskal zinemagintzan” lanaren aurkezpenaren bidez. Eta Euskal Zine Bilerari amaiera emateko, 19:00etan, Palmaresaren proiekzioak emango dira, 43. edizio honetako irabazleen lanak emanez.

43. Euskal Zine Bilera azkenengo txanpan sartzen ari da

Larunbateko amaiera ekitaldian ezagutuko ditugu 43, Euskal Zine Bileraren lehiaketako irabazleak. Film onena, zuzendaritza onena, gidoi onena eta EITB Ikusleen sariaren irabazleak emango dira ezagutzera dira azaroaren 28ko Sari Banaketa ekitaldian. Pascal Gaigne musikaria omentzeko eta “Euskal Zinemaren Begirada” jartzeko ere balioko du. Baina astea aberatsa izan da eta hainbat emaitza utzi ditu dagoeneko. Den dena zinebilera.eus orrialdearen bitartez ikusi ahalko da.

Aste osoko egitaraua, hainbat emaitza esanguratsu

Aurtengo Euskal Zine Bileraren azken egunetara heltzear gaude. Online izanik ere, azken urteetako eduki maila berberari eutsi ahal izan zaio eta egitarau oparoa ikusi ahal izan dugu aste osoan zehar. Aurtengo egitarauak, gainera emaitza esanguratsuak utzi ditu dagoeneko:

· Atzo 8 egitasmoaren barruan, Zine Lab proiektuak EQZErekin elkarlanean Tatus Fombellida zinegile errenteriarraren lau film digitalizatu eta landu ditu, euskal ondare zinametografikoa kontserbatzeko ahaleginean.

· 19 laburmetraje ikusi eta bozkatzeko aukera egon da. Proiekzioen ostean, gainera, solasaldi partehartzaileak egon dira egunero filmeen egileekin.

· Pantaila Irekiak Zinegoak festibala eman du ezagutzera EZBren ikuslegoaren artean. LGTB tematikadun filmeen aukeraketa ikusi ahal izan da zinebilera.eus plataformaren bidez. Baina, elkarlan honek ondorioa esanguratsua utziko du herrian: Lekeitio “Zinegoak hedapena”ren parte izango da datorren urtetik aurrera, eta LGTB festibalarekin kolaboratzaile bihurtuko da.

Baina oraindik eduki asko geratzen zaizkigu euskarazko ikus-entzunezkoez gozatzen jarraitzeko. Asteburu honetan, hainbat saio izango ditugu eta denak zinebilera.eus orrialdearen bitartez ikusi ahalko ditugu, gure ordenagailu edo mugikorrean, etxetik irten gabe edo guk nahi dugun tokian.

Sari banaketa ekitaldia: lehiaketaren uzta jasotzeko parada

Azaroaren 28an, Sari Banaketa ekitaldia izango da atal esanguratsuena. Astean zehar aurre aukeratutako 19 film laburrak ikusi ahal izan ditugu eta, orain, irabazleak ezagutzeko unea heldu da. Alde batetik, Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda zinegile eta epaileek erabakitako film onena, zuzendaritza onena eta gidoi onenaren sariak emango dira. Urtetik urtera filmen mailak gora egiten jarraitzen du eta epaileek azpimarratu dute aurtengo filmak bereziki onak izan direla. Bestalde, aurten ere ikusleek haien botoen bidez EITB Ikusleen saria erabakitzeko aukera izan dute, astean zehar proiekzio bakoitzaren ondoren emandako puntuazioen bidez. Irabazle guztiak larunbatean 19:30etan hasiko den Sari Banaketa ekitaldian ezagutu ahalko ditugu eta ondoren film horiek berriz ikusteko aukera izango dugu.

Sari horiek ondorengo hauek izango dira:

Film onena: 1.900,00 € eta Urrezko Antzarra
Zuzendaritza onena: 1.600,00 € eta Zilarrezko Antzarra
Gidoi onena: 1.600,00 € eta Zilarrezko Antzarra
EITB Ikusleen saria: 750,00 €

Euskal Zinemaren Begirada: Pascal Gaigne

Ekitaldi berean ere, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemaren Begirada izango dugu. Sari hau Pascal Gaigne musikariari emango zaio, urteetan zehar euskarazko filmetan egindako musika omentzeko asmoz. La Trinchera Infinita, Dantza, Handia edo Errementari dira azken urteetan bere konposaketen artean aurkitzen diren filmak. Pascalen ibilbidea hobeto ezagutzeko, berarekin solasean arituko gara.

Baina asteburuan programazioak aurerra darrai

Eta hori gutxi balitz, Euskal Zine Bilerak atal gehiago izango ditu asteburuan. Azaroaren 28an, 11:30ean, (H)emen Gaude atalean (H)emen elkartearekin elkarlanean egindako solasaldia izango dugu, “Emakumeak ikus-entzunezko formatu berrietan” gaia landuz. 19:30ean, aurretik aipatu bezala, Sari Banaketa ekitaldia izango dugu. Eta larunbat gauean, 21:00etan, Hazparneko Zinegin festibalarekin elkarlanean, “Gaualdia” zuzeneko saioa.

Igandean berriz, azaroak 29, 16:00etan hainbat eragileren arteko solasaldia aurkeztuko da, bertan Zinegin, Zinelab-EQZE, (H)emen eta Euskal Zine Bilerako ordezkariak izango ditugu. 17:00etan Urtzi Urkizu kazetariarekin solasean arituko gara, “Euskal gatazka euskal zinemagintzan” lanaren aurkezpenaren bidez. Eta Euskal Zine Bilerari amaiera emateko, 19:00etan, Palmaresaren proiekzioak emango dira, 43. edizio honetako irabazleen lanak emanez.

Guzti honekin, euskarazko ikus-entzunezkoez gozatzeko asteburu ezin hobea izango dugu Lekeitioko Euskal Zine Bileran. Gogoratu, eduki guztiak zinebilera.eus orrialdean ikusi ahalko dituzue zuzenean! Zatoz euskal zinemaz gozatzera!

Hemen da 43. Lehiaketa!

Edizio honetako eduki guztiak zinebilera.eus orrialdean ikusi ahalko dituzue azaroaren 21etik 29ra bitartean.

Heldu da unea, euskarazko zinemaz gozatzeko hitzordua hemen dugu! Lekeitioko Euskal Zine Bilerak bere 43. edizioa ospatuko du aurten eta online izaera izango du pantaila guztietara heltzeko. Ordenagailu, tablet edota mugikorretatik jarraitu ahalko da jaialdia, zinebilera.eus orrialdearen bitartez. Egitarau anitza prestatu da ikus-entzunezkoak biltzen dituzten arlo desberdinak landuko dituzten atalak aurkeztuz.

Lehiaketa

Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute EITB Ikuslearen Saria irabazlea, horretarako zinebilera.eus orrialdean ikusleek haien botoak eman ahalko dituzte filmak eman ostean. Azaroaren 23tik 26ra bitartean izango dugu lehiaketa eta egun bakoitzean 4 eta 5 film artean emango dira web orrialdean, filmak ikusi ostean hauetako bakoitzari puntuazioa emateko aukera egongo da:

Sari horiek ondorengo hauek izango dira:

Film onena 1.900,00 €
Zuzendaritza onena 1.600,00 €
Gidoi onena 1.600,00 €
EITB Ikusleen saria 750,00 €

Sortu, Partekatu, Saretu

Euskal Zine Bilera lehiaketa baino askoz gehiago da. Hainbat atal aurkezten ditu bere barnean dituen eduki guztiak barneratzeko. Atal guzti hauek hiru espazioaren barnean kokatuko dira, Sortu, Partekatu eta Saretu:

SORTU atalean zinearen esperimentazio eta alfabetizazioarekin lotutako ekimena aurkituko ditugu. Alde batetik, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den Kameratoia izan genuen azaroaren 22an, Ugaitz Alegriak aurkeztutako gala berezian. Bertan, ikuslearen saria ND3 taldearen “Plastikozko haginak” filmak eraman zuen. Bestetik, bigarren saria Emeki films-en “Tentuz” lanarentzako izan zen. Azkenik, lehenengo saria Spookypheria Productions talderen “Agur” lanak eraman zuen. Gazteentzako euskarazko ikus-entzunezko rally honetan izena ematen duten taldeek, ordu gutxi batzuk besterik ez dituzte izan film laburrak egiteko. Bestetik, Benito Ansola saria izango dugu. Aurreko urtean saria eraman zuen Oier Fuentesek bere filmaren produkzioa nolakoa izaten ari den azalduko digu, egungo osasun egoerak sortu dituen zailtasunak zehaztuko dituen work in progress batekin.

PARTEKATU atalean zinemaren arlo ezberdinak elkarbanatzeko xedea duten espazioak azaltzen dira. Alde batetik, aurre aukeratuak izan diren 19 lanek osatuko duten Lehiaketa izango dugu. Film horiek zeintzuk diren jakin nahi? Hauen inguruko informazio guztia zinebilera.eus orrialdean aurkituko duzue. era berean, Irabazleak aukeratzearen arduradunak Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda izango dira. Beste aldetik, Euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemaren Begirada izango dugu. Sari hau Pascal Gaigne musikariari emango zaio, urteetan zehar euskarazko filmetan egindako musika omentzeko asmoz. La Trinchera Infinita, Dantza, Handia edo Errementari dira azken urteetan bere konposaketen artean aurkitzen diren filmak.

SARETU atalean euskal ikus-entzunezkoen sortzaile eta erakundeekin jarriko gara harremanetan. (H)emen elkartearekin batera, euskal zinemagintzaren egoera eta ezinegonak partekatzeko solasaldia antolatuko da. Era berean, Pantaila Zuria espazioa estreinatuko dugu, ikus-entzunezko beste jaialdi eta egitasmoei leiho bat irekiz, aurten Zinegoak izango da gonbidatua. Zoom atalean, Hazparneko Zinegin festibalarekin elkanaren bidez sortutako egitasmoa aurkeztuko da. Azkenik, iraganetik datozen irudi eta soinuak biltzea xede duen Atzo8 izango dugu, Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean.

Gogoratu, azaroaren 21etik 29ra bitartean euskarazko zinemaz gozatzeko aukera paregabea izango dute zine zaleek zinebilera.eus orrialdearen bitartez! Jarraitu zuzenean 43.Euskal Zine Bilera!

Iristear da 43. Euskal Zine Bilera Online!

Euskal Zine Bilera, Lekeitiotik pantaila guztietara

Edizio honetako eduki guztiak zinebilera.eus orrialdean ikusi ahalko dituzue azaroaren 21etik 29ra bitartean. Jaialdiaren aurkezpena azaroaren 17an, asteartea, 11:00etan egingo da online.

Aurkezpen ekitaldia

Euskal Zine Bilera azaroaren 21etik 29ra bitartean ospatuko da, baina egun batzuk aurretik aurkezpen ofiziala izango dugu. Azaroaren 17an, 11:00etan Ana Goitia eta Aitor Abaroak jaialdiaren aurkezpen ekitaldia hasiko dute eta ondoren Euskal Zine Bilerako antolatzaileek kazetari eta zine zaleen galderak erantzungo dituzte. Ekintza hau online izango da, zinebilera.eus orrialdearen bitartez emitituz. Kazetariek haien galderak bidali ahalko dituzte azaroaren 17ko 10:00ak aurretik galdetegia HONEN bidez:

Jaialdiak online izaera hartuko du aurten

Aste gutxi batzuk baino ez dira geratzen Euskal Zine Bileraren edizio berritzaileena hasteko. 43. edizio honetan, online izaera hartuko du jaialdiak, pantaila guztietara helduz eta publiko zabalago batera hurbiltzeko. Inoiz baino errazagoa izango da Euskal Herrian eta euskaraz egiten den Lekeitioko jaialdiaz gozatzea.

Egun bizi dugun ezohiko egoera honek gure bizitzako arlo guztietan eragiten du. Errealitate berri hau erronkatzat hartuta, bide berriak irekitzeko aukera mahai gaineratu da, jaialdiaren espazioak jendez betetako zinematik atera eta edonork eta edonondik ikusi ahalko den jaialdia proposatuz. Eboluzio hau 2016an sortutako plan estrategiko berritzailearen hurrengo pausoa da, Lekeition sortutako jaialdiaren zabalkundea lortzeko ekimena, oinarriak ahaztu gabe eboluzio logiko bat biltzen duena. 

Pantailak nonahi daude, etxean, lanean, kalean eta baita gure poltsikoan. Ikus-entzunezkoak eskura izan nahi ditugu eta horren jakitun Euskal Zine Bilerak zinematik pantaila guztietara egiten du salto.

Norabide berri honetan, Euskal Zine Bilera hiru ataletan bananduko da: Euskarazko zinema SORTUz, Euskararen zinema PARTEKATUz eta Euskal Zinemagintzarekin SARETUz.

SORTU atalean zinearen esperimentazio eta alfabetizazioarekin lotutako ekimena aurkituko ditugu. Alde batetik, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den Kameratoia izango dugu. Gazteentzako euskarazko ikus-entzunezko rally honetan izena ematen duten taldeek, ordu gutxi batzuk besterik ez dituzte izango film labur bat egiteko. Bestetik, Benito Ansola saria izango dugu. Aurreko urtean saria eraman zuen Oier Fuentesek bere filmaren produkzioa nolakoa izaten ari den azalduko digu, egungo osasun egoerak sortu dituen zailtasunak zehaztuko dituen working progress batekin. Zoom atalean, Hazparneko Zinegin festibalarekin elkanaren bidez sortutako egitasmoa aurkeztuko da.

PARTEKATU atalean zinemaren arlo ezberdinak elkarbanatzeko xedea duten espazioak azaltzen dira. Alde batetik, aurre aukeratuak izan diren 19 lanek osatuko duten Lehiaketa izango dugu. Film horiek zeintzuk diren jakin nahi? Hauen inguruko informazio guztia zinebilera.eus orrialdean aurkituko duzue. era berean, Irabazleak aukeratzearen arduradunak Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda izango dira. Beste aldetik, Euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemaren Begirada izango dugu. Nork eramango du? Hori ezagutzeko oraindik aste batzuk itxaron beharko ditugu.

SARETU atalean euskal ikus-entzunezkoen sortzaile eta erakundeekin jarriko gara harremanetan. (H)emen elkartearekin batera, euskal zinemagintzaren egoera eta ezinegonak partekatzeko solasaldia antolatuko da. Era berean, Pantaila Zuria espazioa estreinatuko dugu, ikus-entzunezko beste jaialdi eta egitasmoei leiho bat irekiz, aurten Zinegoak izango da gonbidatua. Azkenik, iraganetik datozen irudi eta soinuak biltzea xede duen Atzo8 izango dugu, Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean.

Elkarlanetik kultura sendotzen

Edizio berritzaile honetan, xede nagusia Euskal Zine Bileraren zabalkundea izango da. Jaialdia online formatura mugitzean aukera berriak sortu dira eta horien bidez euskal zinemagintza osatzen duten zale eta profesionaletara heltzeko bideak areagotu. Publiko zabal batera heltzeko xedean laguntzeko, EITBren elkarlan berezia izango dugu aurten. Garrantzitsua deritzogu euskal ikus entzunezkoak, honen sorkuntza eta bere sektorea batzen dituen egitasmoarekin batera egotea, euskal ikus-entzunezkoen alorrean dagoen erakunde nagusiarekin.

Era berean, bizi ditugun garai zail hauetan elkarlanetik indartzeko apustua egin nahi du Euskal Zine Bilerak. Zinegin eta Zinegoak jaialdiak, Hemen elkartea, Elias Querejeta Zine Eskola, Zine-Lab zinema laborategia , Euskadiko Filmategia eta beste hainbat eragileren elkarlanari esker euskal kultura indartzea ahalbidetuko da. Eragile guztien arteko kolaborazioarekin elkar zaindu eta elikatzeko aukera sortzen da, jaialdiaren eta beste eragileen arteko zubiak sendotuz.

Euskal ikus-entzunezkoak nonahi

Euskal zinemaren hitzorduan hemen da eta aurten pantaila guztietan izango duzue ikusgai! Ordenagailua, tableta edo mugikor bat besterik ez duzue behar eta noski, estaldura ona izatea! 43. Euskal Zine Bileraren inguruan gehiago jakin nahi? Adi egon zinebilera.eus webgunera!

KAMERATOIAK BERE 16. EDIZIOA OSPATUKO DU AURTEN LEKEITIOKO EUSKAL ZINE BILERAN

Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak antolatzen duten euskarazko ikus-entzunezko rally-a azaroaren 13tik 15era ospatuko da

Berrikuntzaz beteta datorren edizio honetan, Aitor Arregi zuzendari ospetsua (La trinchera infinita, Loreak, Handia)  izango da parte-hartzaileen gidaria. Berarekin batera, iazko Euskal Zine Bileran film onenaren saria eraman zuen Izibene Oñederra (Lursaguak) izango da rallyaren lanak epaitzearen arduraduna.

Bizi dugun egoera berezi honetan parte-hartzaileen osasun ona bermatzeko helburuarekin, Kameratoiak aldaketak izango ditu, baina ere zutabeak mantendu egingo dira. Izen ematea Kameratoiaren webgunean egin ahalko da urriaren 7tik azaroaren 7ra bitartean. Aldaketa nabarmenena kokapenari dagokio, parte-hartzaileak ez dira Lekeitiora etorri beharko, haiek nahi duten tokian grabatu ahalko dituzte laburmetraiak. Antolakuntzatik beti bezala gaia eta filmean agertu beharreko ezaugarri batzuk zehaztuko dira azaroaren 13an eta parte-hartzaileek 36 ordu izango dituzte idea garatu eta gauzatzeko. Azaroaren 15ean eguerdiko 12:00etarako film laburrak email bidez aurkeztu beharko dira.

Berrikuntza gisa, azaroaren 16tik 19ra Kameratoian aurkeztutako film guztiak Euskal Zine Bilerako webgunean egongo dira eta ikusleek haien botoekin ikuslearen saria nork eramaten duen aukeratu ahalko dute. Irabazle guztiak azaroaren 22an emango dira ezagutzera zinebilera.eus webgunean emango den sari banaketa ekitaldian. Gogoratu, film labur onenak 1.000 euroko saria eramango du eta DemaSA lehiaketan eta Laburbira zirkuiturako sailkatuko da. Bigarren sariaren irabazleak berriz 600 euro jasoko ditu. Azkenik, astean zehar boto gehien jasotzen dituen filmak ikuslearen saria eramango du, 100 euro eta Lekeition asteburu bat.

Era berean, Aitor Arregi zuzendariak masterclass berezi bat eskainiko die parte-hartzaile guztiei lehiaketa baino egun batzuk lehenago, zuzendariaren esperientziak eta aholkuak jasoz.

Guzti hauekin sekulako Kameratoia izango dugu aurten! Animatu eta eman izena!

43. Euskal Zine Bilera: edozein pantailatik ikusgai

Lehiaketan izena emateko epea irailaren 20ra bitartean egongo da zabalik.

Euskal Herrian eta euskaraz egiten den Lekeitioko Euskal Zine Bilerak bere 43. edizioa ospatuko du aurten. Hilabeteotan bizi dugun osasun alarma egoera honek etorkizunera begirako zalantzak azaleratzen ditu eta jaialdiaren antolakuntzatik bide berriak bilatzen ari dira. Azken bi urteetan jaialdiaren inguruan egindako berrinterpretazio eta eboluzioarekin jarraituko duen edizio honek, bere barnean dituen atalak indarberrituko ditu, hainbat berrikuntza aurkeztuz. Era berean, 40+1. ediziotik gertatzen ari den bezala, euskal ikus-entzunezkoaren iragana, orainaldia eta etorkizunak bat egiten jarraituko dute.

Jaialdiaren egitura mantentzeko ahalegina egingo da, baina osasun larrialdia dela eta, ikusle eta zaleen ongizatea bermatzeko asmoz Euskal Zine Bilerak online izaera bereganatuko du aurten. Zine aretoan jende kopuru handia biltzeak arriskuak izan ditzakela kontuan hartuta, online egitura batekiko apustua egingo da. Modu honetan, Euskal Zine Bileraren edizioa edozein pantailatik jarraitzeko aukera izango dute zaleek eta Lekeitiora etorri ezin duen jendeari ate berriak irekiko zaizkio.

Ezohiko egoeretan aurrerapausoak eta irtenbideak bilatu behar dira eta, seguraski, etorkizunera begirako tresna baliagarriak ondorioztatzeko leihoa zabalduko du erronka honek. Hori horrela, aurten esfortzu berezia egingo da Lekeitiorentzat eta euskal zinemako profesional eta zaleentzat hain garrantzitsua den jaialdia ospatu ahal izateko.

Azaroaren 21etik 28ra bitartean ospatuko den Euskal Zine Bilerak, euskarazko ikus-entzunezkoen markoaren barnean aurkitzen diren eragileekin lanean jarraituko du, bertan aurkitzen diren profesional, amateur edota zaleen errealitateak hobeto ezagutzeko eta interesa izan ahal duten pertsonak erakartzeko.

LEHIAKETA

Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea. Edizio berri honetan, eta bizi dugun osasun larrialdiak bultzatuta, lehiaketa online formatuan egingo da, guztion ongizatea bermatzeko helburuarekin.

Sari horiek ondorengo hauek izango dira:
Zuzendaritza onena 1.600,00 €
Gidoi onena 1.600,00 €
Film onena 1.900,00 €
Ikusleen saria 750,00 € 

Lanak aurkezteko epea irailaren 20ra bitartean mantenduko da zabalik eta bere oinarriak zinebilera.eus webgunean egongo dira eskuragarri.

Aurkezten diren lanen artean 20 inguru izango dira aukeratuak lehiaketan parte hartzeko eta egindako lana eskertzeko helburuarekin, azken hauen egileek 200 euroko saria jasoko dute lehiaketarako hautatuak izanagatik.

43. Euskal Zine Bilerak aurrerapausoak ematen jarraituko du aurten ere, euskal ikus-entzunezkoen erreferente bilakatuz, eta horretarako noski, film sortzaile, artista eta zinegile guztien partaidetza oso garrantzitsua izango da, hori dela eta aurtengo edizioan ere parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.