43. Euskal Zine Bilera

Euskal Herrian eta euskaraz egiten den Lekeitioko Euskal Zine Bilerak bere 43. edizioa ospatuko du aurten. Hilabeteotan bizi dugun osasun alarma egoera honek etorkizunera begirako zalantzak azaleratzen ditu eta jaialdiaren antolakuntzatik bide berriak bilatzen ari dira. Azken bi urteetan jaialdiaren inguruan egindako berrinterpretazio eta eboluzioarekin jarraituko duen edizio honek, bere barnean dituen atalak indarberrituko ditu, hainbat berrikuntza aurkeztuz. Era berean, 40+1. ediziotik gertatzen ari den bezala, euskal ikus-entzunezkoaren iragana, orainaldia eta etorkizunak bat egiten jarraituko dute.


Jaialdiaren egitura mantentzeko ahalegina egingo da, baina osasun larrialdia dela eta, ikusle eta zaleen ongizatea bermatzeko asmoz Euskal Zine Bilerak online izaera bereganatuko du aurten. Zine aretoan jende kopuru handia biltzeak arriskuak izan ditzakela kontuan hartuta, online egitura batekiko apustua egingo da. Modu honetan, Euskal Zine Bileraren edizioa edozein pantailatik jarraitzeko aukera izango dute zaleek eta Lekeitiora etorri ezin duen jendeari ate berriak irekiko zaizkio.


Ezohiko egoeretan aurrerapausoak eta irtenbideak bilatu behar dira eta, seguraski, etorkizunera begirako tresna baliagarriak ondorioztatzeko leihoa zabalduko du erronka honek. Hori horrela, aurten esfortzu berezia egingo da Lekeitiorentzat eta euskal zinemako profesional eta zaleentzat hain garrantzitsua den jaialdia ospatu ahal izateko.


Azaroaren 21etik 29ra bitartean ospatuko den Euskal Zine Bilerak, euskarazko ikus-entzunezkoen markoaren barnean aurkitzen diren eragileekin lanean jarraituko du, bertan aurkitzen diren profesional, amateur edota zaleen errealitateak hobeto ezagutzeko eta interesa izan ahal duten pertsonak erakartzeko.

42. Bilera irudietan