Cerrar

43. Euskal Zine Bilera azkenengo txanpan sartzen ari da

27/11/20

Larunbateko amaiera ekitaldian ezagutuko ditugu 43, Euskal Zine Bileraren lehiaketako irabazleak. Film onena, zuzendaritza onena, gidoi onena eta EITB Ikusleen sariaren irabazleak emango dira ezagutzera dira azaroaren 28ko Sari Banaketa ekitaldian. Pascal Gaigne musikaria omentzeko eta “Euskal Zinemaren Begirada” jartzeko ere balioko du. Baina astea aberatsa izan da eta hainbat emaitza utzi ditu dagoeneko. Den dena zinebilera.eus orrialdearen bitartez ikusi ahalko da.

Aste osoko egitaraua, hainbat emaitza esanguratsu

Aurtengo Euskal Zine Bileraren azken egunetara heltzear gaude. Online izanik ere, azken urteetako eduki maila berberari eutsi ahal izan zaio eta egitarau oparoa ikusi ahal izan dugu aste osoan zehar. Aurtengo egitarauak, gainera emaitza esanguratsuak utzi ditu dagoeneko:

· Atzo 8 egitasmoaren barruan, Zine Lab proiektuak EQZErekin elkarlanean Tatus Fombellida zinegile errenteriarraren lau film digitalizatu eta landu ditu, euskal ondare zinametografikoa kontserbatzeko ahaleginean.

· 19 laburmetraje ikusi eta bozkatzeko aukera egon da. Proiekzioen ostean, gainera, solasaldi partehartzaileak egon dira egunero filmeen egileekin.

· Pantaila Irekiak Zinegoak festibala eman du ezagutzera EZBren ikuslegoaren artean. LGTB tematikadun filmeen aukeraketa ikusi ahal izan da zinebilera.eus plataformaren bidez. Baina, elkarlan honek ondorioa esanguratsua utziko du herrian: Lekeitio “Zinegoak hedapena”ren parte izango da datorren urtetik aurrera, eta LGTB festibalarekin kolaboratzaile bihurtuko da.

Baina oraindik eduki asko geratzen zaizkigu euskarazko ikus-entzunezkoez gozatzen jarraitzeko. Asteburu honetan, hainbat saio izango ditugu eta denak zinebilera.eus orrialdearen bitartez ikusi ahalko ditugu, gure ordenagailu edo mugikorrean, etxetik irten gabe edo guk nahi dugun tokian.

Sari banaketa ekitaldia: lehiaketaren uzta jasotzeko parada

Azaroaren 28an, Sari Banaketa ekitaldia izango da atal esanguratsuena. Astean zehar aurre aukeratutako 19 film laburrak ikusi ahal izan ditugu eta, orain, irabazleak ezagutzeko unea heldu da. Alde batetik, Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda zinegile eta epaileek erabakitako film onena, zuzendaritza onena eta gidoi onenaren sariak emango dira. Urtetik urtera filmen mailak gora egiten jarraitzen du eta epaileek azpimarratu dute aurtengo filmak bereziki onak izan direla. Bestalde, aurten ere ikusleek haien botoen bidez EITB Ikusleen saria erabakitzeko aukera izan dute, astean zehar proiekzio bakoitzaren ondoren emandako puntuazioen bidez. Irabazle guztiak larunbatean 19:30etan hasiko den Sari Banaketa ekitaldian ezagutu ahalko ditugu eta ondoren film horiek berriz ikusteko aukera izango dugu.

Sari horiek ondorengo hauek izango dira:

Film onena: 1.900,00 € eta Urrezko Antzarra
Zuzendaritza onena: 1.600,00 € eta Zilarrezko Antzarra
Gidoi onena: 1.600,00 € eta Zilarrezko Antzarra
EITB Ikusleen saria: 750,00 €

Euskal Zinemaren Begirada: Pascal Gaigne

Ekitaldi berean ere, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemaren Begirada izango dugu. Sari hau Pascal Gaigne musikariari emango zaio, urteetan zehar euskarazko filmetan egindako musika omentzeko asmoz. La Trinchera Infinita, Dantza, Handia edo Errementari dira azken urteetan bere konposaketen artean aurkitzen diren filmak. Pascalen ibilbidea hobeto ezagutzeko, berarekin solasean arituko gara.

Baina asteburuan programazioak aurerra darrai

Eta hori gutxi balitz, Euskal Zine Bilerak atal gehiago izango ditu asteburuan. Azaroaren 28an, 11:30ean, (H)emen Gaude atalean (H)emen elkartearekin elkarlanean egindako solasaldia izango dugu, “Emakumeak ikus-entzunezko formatu berrietan” gaia landuz. 19:30ean, aurretik aipatu bezala, Sari Banaketa ekitaldia izango dugu. Eta larunbat gauean, 21:00etan, Hazparneko Zinegin festibalarekin elkarlanean, “Gaualdia” zuzeneko saioa.

Igandean berriz, azaroak 29, 16:00etan hainbat eragileren arteko solasaldia aurkeztuko da, bertan Zinegin, Zinelab-EQZE, (H)emen eta Euskal Zine Bilerako ordezkariak izango ditugu. 17:00etan Urtzi Urkizu kazetariarekin solasean arituko gara, “Euskal gatazka euskal zinemagintzan” lanaren aurkezpenaren bidez. Eta Euskal Zine Bilerari amaiera emateko, 19:00etan, Palmaresaren proiekzioak emango dira, 43. edizio honetako irabazleen lanak emanez.

Guzti honekin, euskarazko ikus-entzunezkoez gozatzeko asteburu ezin hobea izango dugu Lekeitioko Euskal Zine Bileran. Gogoratu, eduki guztiak zinebilera.eus orrialdean ikusi ahalko dituzue zuzenean! Zatoz euskal zinemaz gozatzera!