LEKEITION ZINEA GARA
Zinemarekin estu lotutako herria da Lekeitio. Eta herritar talde baten eskutik jaio zen EZB. Duela 45 urte, euskarazko ikus entzunezkoetan amestea bera ere erronka bat zen momentu batean.
Hazi hori erein zenetik gaur arte euri asko egin badu ere, EZBk bere benetako izateari erreparatu nahi dio berriz ere: euskararen zinemarentzako plaza gara eta euskarazko zinezaleak elkartzeko parada ere bai. Zinegile, zinezale, etorkizuneko sortzaile eta herritarrek bat egiteko hitzordua.
Duela 45 urte Lekeitio filme baten forman pentsatu zuten batzuek. Gaur, oraindik ere, bere herritarrak dira pelikula horren protagonistak. Pantaila handira ekarri ditugu, horregatik, lekeitiar guztien aurpegi batzuk. Euskaraz hezi gaituzten zinezaleak, musika eman diguten euskaltzaleak, euskararen herria lau haizetara komunikatu dutenak, euskarara hurbildu diren herrikide berriak, euskarari gehitu zaizkion artistak edo pelikula berriak euskaraz egiteko testigua hartu dutenak. Lekeitiarren aurpegi guztiak euskararen zinemara eramaten dituztenak.
Izan ere Lekeition zinea baikara.
Urriaren 20tik 23ra Ikusgarri aretoan topatuko dugu elkar?
