Cerrar

LEHIAKETAKO SAIL OFIZIALAK EUSKARAZKO FILM ONENAK AURKEZTUKO DITU LEKEITION

11/10/22

20 film lehiatuko dira Urrezko Antzarraren bila

Aste honetan emango diogu hasiera Euskal Zine Bileran 45. edizioari. Euskara hutsean egiten den zine jaialdi bakarra urriaren 20tik 23ra ospatuko da eta bere ekintzen artean Sail Ofizialeko Lehiaketa aurkituko dugu.

Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea.

Aurkeztutako lan guztien artean soilik 20 izan dira Sail Ofizialeko Lehiaketara heltzea lortu dutenak, aurre-aukeraketa prozesua gaindituz. Zuzendari ospetsuak eta amateurrak, genero eta ikuspegi ezberdinetako lanak, fikzioak eta dokumentalak. Denetarik izango dugu Sail Ofizialeko Lehiaketan, zalantzarik gabe azken urteetako maila handienetako erakutsiz. Euskal zinemagileek film ederrak egiten jarraitzen dute eta epaileek ez dute erraz izango irabazleen aukeraketa egitea.

Epaileak hurrengo hauek izango dira:

  • Getari Etxegarai. Aktorea eta zuzendaria. Azken aldiko lan esanguratsuenen artean, Kepa Errastiren “Mami Lebrun”, “Lur” edo “Fadoak entzuten zituen gizona” antzezlanetan zuzendari gisa aritu da.
  • Paul Urkijo. Zine zuzendaria. Fikziozko eta animaziozko film laburrak egiten hasi eta 2016an “Errementari” film luzea ekoiztu eta zuzendu zuen. Bere filmak estatuko zein nazioarteko hainbat sari irabazi dituzte eta mundu osoko jaialdietan ikusi ahal izan dira.
  • Izaskun Urkijo. Arkitekto eta arte zuzendaria. Zineman, arte zuzendari gisa ikusi dugu “Gure Oroitzapenak”, “Nora”, “Ane”, “Errementari”, “Subandila”, “Anti” edo “Irati” filmeetan.

Aukeratutako 20 filmak 5 sari eskuratzeko lortzeko lehian arituko dira:

  • Film onenaren saria – 3.000 €
  • Zuzendaritza onenaren saria – 1.600 €
  • Gidoi onenaren saria – 1.600 €
  • Ikusleen saria – 750 €
  • Gazte 22 saria (2000. urtetik aurrera jaiotakoentzat) – 750 €

Sail ofizialeko Lehiaketarako aukeratuak izan diren lanak:

Urriak 20 – 19:00

  • Benitoren Bizitza Maitasunaren Indarrez / Josi Sierra 
  • Gauero / Iñigo Alkorta 
  • Trumoiak / Iker Maguregi
  • Haraindiko / Alaia Sedano
  • Lanbroa /  Paula Iglesias
  • Nola ikasi euskara / Juan Esteban Montoya

Urriak 21 – 19:00

  • Deserri / Imanol G. Gurrutxaga
  • Erlojupekoa / Leire Egaña 
  • Erro bi / Nagore Muriel 
  • Ezohikoak / Alejandra Bueno
  • Martxoaren 28a / Julen Etxebarria Moral eta Malen Nicholson
  • Noiz utziko dio euria egiteari /  Guillermo Ordás
  • Polita / Eneko Muruzabal 
  • Arnasa / Raúl Barreras

Urriak 22 – 12:00

  • Etxean / Mikel Rueda
  • Irrits / Maider Oleaga
  • Lanbroa / Aitzol Saratxaga 
  • Muga / Eñaut Castagnet
  • Vatios / David Perez
  • Berak baleki / Aitor Gametxo

Lehiaketa hiru egunetan zehar banatuko da. Zehazki urriaren 20an (19:00etan), urriaren 21ean (19:00etan) eta urriaren 22an (12:00etan). Sari banaketa ekitaldia amaiera galaren barnean kokatutako da. Irabazleak urriaren 22an, 19:30etik aurrera ezagutuko ditugu Ikusgarri zine aretoan.